Zer da Hamen Bertokoa?

Lea-Artibain ekoiztutako elikagaiak eskualde honetako herritarren artean ezagutzera emateko proiektua da, produktu hauen ekoizpena eta kontsumoa sustatzeko helburua duena.

Zergatik?

Janari osasuntsuarekiko kontzientzia, apurka, zabaltzen ari da herritarrengan. Baina azken urteotan nekazari eta abeltzain kopurua jaitsi egin da, eta errelebo falta ere arazo handia da.

Erosteko moduak ere asko aldatu dira, eta bertoko produktuak erosteko ohitura ere jaitsi izan da. Egoera horri aurre egiteko, besteak beste, Lea-Artibain egindako elikagaiak bertoko kontsumitzaileei eskura ipintzea beharrezkoa da.

Bide hori, gainera, eragile guztiek (nekazari, kontsumitzaile eta merkatari zein ostalariek) elkarlanean abiatu dute.

Zertarako?
Guztion elkarlanarekin eskualdeko baserriak eta herrietako denda, jatetxe eta tabernak ekonomikoki, sozialki eta ingurumenarekiko jasangarriak izan daitezen lortu nahi dugu.